Geldialdia egin du Durangoko Azokak Palestinaren genozidioa salatzeko helburuz

2025/12/07

Geldialdia egin du Durangoko Azokak Palestinaren genozidioa salatzeko helburuz

Landako Gunea beteta Palestinaren Genozidioa salatzeko. Palestinako Genozidioa arbuiatzeko geldialdia egin du gaur Durangoko Azokak. Kultura erdigunean jarri eta mugez haratagoko elkartasun mezua helarazi dute gaur ehunka kulturzalek Landako Plazatik, poesia eta musika uztartu dituen elkarretaratze hunkigarrian. 

Ekitaldia hasteko, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko presidenteak hartu du hitza. “Euskal kulturaren erakusleiho honetatik munduari ere begiratzen diogu, eta aurtengo edizio honetan, tarte batez bada ere, gelditzeko beharra sentitzen genuen”, azaldu du Gomezek. “Gelditzea, palestinako genozidioari ez esateko. Gelditzea, pentsamenduak mugitzeko. Gelditzea, ekintzak aktibatzeko. Gelditzea, palestinarrei mezu bat bidaltzeko: ez zaituztegu bakarrik utziko. Kulturgintzatik ere, zuekin gaude”, erantsi du.

Era horretan, gaur, Durangoko Azokaren egitaraua eten egin da ordu erdiz, eta 136 partaide ere batu dira geldialdira. Gomezen ostean, Asun Elorriaga Gerediagako elkarteko kideak hartu du hitza ekitaldia jarraitzeko eta hainbat idazlek bidalitako poemak entzun ahal izan dira: Alde batetik, Danele Sarriugartek, Itxaro Bordak, Josu Goikoetxeak, Ainhoa Urienek, Leire Bilbaok eta Erika Lagomak gaurko sortu dituzten poemak entzun dira. Bestetik, Laura Mintegik, Gotzon Barandiaranek, Eider Beobidek eta Maria Osesek; Rikardo Arregiren, Nazim Hikmeten, Mosab Abu Toha-ren eta Mohammed el-Kurden poemak irakurri dituzte, hurrenez hurren. Eta azkenik, Hawari ahizpek: Mahmud Darwixen 'Lur honen gainean' poema irakurri dute.

Ekitaldia amaitzeko Esanezin taldeak zuzenean abesti bat jo du.