2025/12/08
Siadeco ikerketa etxeak 2024an Durangoko Azokaren inguruan eginiko ikerketaren datuak aukeztu genituen atzo. Emaitzok, jada euskal kulturgintzan zabalduta zeuden hainbat uste baieztatzeko aukera eman digute. Besteak beste, azokara hurbiltzen diren bisitarien gehiengo zabal batek, euskarazko sorkuntza hauspotzeko eta sortzaileen lana bultzatzeko asmoz egiten duela. Hortaz, pozik esan dezakegu, 60. urteko ibilbidea borobildu duen edizio zoragarri honek, ikerketa horretan bertan kaleratutako ondorioak berretsi dituela.
Bisitari fidelak ditu Durangoko Azokak. %90ek urtero errepikatzen dute bisita, eta bisitari berriak ere jasotzen ditu edizio bakoitzean. 60. edizio hau, horren adibide izan da. Durango Azoka oso jendetsua izan da lau egunetan. Datu horiek agerian uzten dute Azokak bizi duen egoera osasuntsua. 60 urteren ostean, bizi-bizi dago eta ibilbide luzea izan arren, gaztetuta dagoela erantsi dezakegu. Izan ere, bisitarien bi heren 45 urtetik azpikoak dira. Adin eta izaera anitzeko bisitariak ditugu azken urteetan egindako egokitzapenei esker; arnas luzeko eredu arrakastatsu baten aurrean gauden seinale.
Gazteak azokan
Horren ildotik, gazteei Durangoko Azokarako deia egiteko bi ekimenen garrantzia ere azpimarratzekoa da: Ikasle Goiza eta Gazte Eztanda. Batetik, ikasleei bideratutako egunak kultur transmisioak duen balioa erakutsi zuen, baita hezkuntza zentroek Kulturaren Jaialdian parte hartzeko duten nahia ere. Euskal Herri osoko hainbat ikastetxetako milaka ikasle heldu ziren Azokaren irekiera egunean, autobusez (160) zein trenez. Lehen ordutik ikasle eta irakasleei bideratutako saioak arrakastatsuak izan ziren, eta gazteenei ere azokaz gozatzeko aukera eman ahal izan genien.
Bestetik, larunbatean Gazte Eztanda eguna izan zen. Beste urte batez, Durangoko Azokatik gazteei begirako apustua indartu eta haiei begirako egitaraua eraiki zuen antolakuntzak. Agerikoa da emaitza, gazteen presentzia handia izan baitzen egun osoan zehar.
Guneen errotzea
Aurten bi gune berri irekitzea erabaki dugu. Ez urteurren borobil baten nobedade bezala, baizik eta etorkizunera begirako apustu gisa. Batetik, Berbagailua gune berria estreinatu dugu, gaur egun euskaraz ekoizten diren bideopodcastak grabatzeko. Eguneko hiru ekoiztu ditugu, guztira dozena bat. Podcastak gailuetan du zentzua, baina Berbagailuan zuzenean ere ikusi eta entzun ahal izan dira; grabazioa gertutik jarraitzeko aukera izan dute zaleek. Arrakasta gehien izan dutenak “baDAbil”, “Benetan zabiz” eta “Belarrijana” izan dira. Bestetik, Atartea gunean ere, orokorrean oso balorazio positiboa egin dute. Durangoko Arte eta Historia museoa lehenago ere ezaguna zen azokako hainbat aurkezpen bertan egin izan direlako. Aurten, arte ederrei zuzendutako gunearen izaera hartu du, eta harrera ederra izan dute ikustratzaileen erakusketak eta aurkezpenek, zein Irati Bazetaren Harien Isla erakusketak, etenik gabeko bisitari jarioarekin. Datozen urteetan garapena izango du gune berri horrek.
Berrikuntzak atzean utzi gabe, gauetako eskaintza berriro ere martxan jarri dela azpimarratu nahiko genuke, arrakastarekin gainera: behin Landako Gunea itxita antolatutako ekitaldi zein kontzertu guztiak bete-beteta egon dira.
Aurten Kulturaren Jaialdia lerroburua eman diogu Durangoko Azokari, hamarkadatik gora daramagulako kultura bere forma guztietan erakusteko ahaleginean. Bai erakustazokak, bai guneek, bai kultur eskaintza ordutegi guztietara zabaltzeak izan duten harrera ikusirik, Kulturaren Jaialdi izaera erabat finkatu dela esan genezake, datozen urteetarako bidea erakutsiz.
Eragina Azoka egunetatik harago
Siadecok eginiko ikerketaren emaitzak eskuan, baieztatu genezake Durangoko Azokak duen eragina ez dela azokaren egunetara mugatzen. Hurrengo egun eta asteetan ere nabaria da haren eragina. Euskal kulturaren sustapenean pizgarri gisa funtzionatzen du eta horrek beste balio erantsi bat gehitzen dio egitasmoari, agerian uzten duelako Durangoko Azokak euskal kulturan betetzen duen tokia, ez soilik azoka gisa duen garrantziagatik, baizik eta kulturaren testuinguru osoan duen eraginagatik.
Azkenik, ez genuke balorazio hau amaitu nahi Durangoko Azokan parte hartu duten eta egunotan Durango bisitatu duten kulturzale guztien jarrera ezin hobea aitortu gabe. Eredugarriak dira azoka zein herria bisitatzerakoan. Eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki, uneren baten azokako espazioetan sartzeko itxaron behar izan duten guztiei, hain ulerberak izateagatik. Zorionak antolakuntzan bidelagun izan zaituztegunoi, azokako partaide, bisitari eta sortzaileei. Jarrai dezagun urte luzez euskal kulturaren jaialdi eder honen bidez euskal kultura eta euskal sorkuntza indartzen.